Immunitatea eztabaidagai
Urte hauetan guztietan ohikoa izan da Hazi Heziko hazkuntza-taldeetako gurasoek guri galdetzea zer egin behar duten txertoekin pediatrek txerto horiek jartzeko esaten dietenean. Txertoa jartzea edo ez gurasoen erabakia da; gure aldetik, txertoen aldeko eta kontrako liburuak edo artikuluak jartzen ditugu beraien esku.
Galdera horren aurrean, eta inolako zalantzarik gabe, gure erantzuna da immunitate ona mantentzeko txerto nagusia lehen urteetan gurasoen eta seme-alaben arteko harreman ona zaintzea dela.
Hazkuntza-taldeetan 30 urte baino gehiago lagunbide izan ondoren, haurdun dauden guraso taldeekin hasita, esan dezakegu zaintza on batek konfiantza handiagoa ematen duela eta oinarri sendoagoa duen immunitatea garatzeko aukera ematen duela. Guk deritzogu, bizi-kalitatea hasieratik zaintzea, alegia, guk sortutako esaldi honek laburbiltzen duena: «Bizitzak errazago aurkituko du bere zentzua, zentzumenak hasieratik bizitzara zabaltzen badira».
Immunitatea jaiotzen denetik hasten da fisiologikoki kudeatzen, baina gurasoek, jakinaren egonez gero, haurdunaldiaren unetik bertatik zaindu dezakete prozesu hori. Hasierako prestakuntza horri esker, gurasoak banakako eta bikote gisa ahaldundu daitezke. Talde bat osatzen dute eta beren gaitasunak erabiliz, kontzienteki eta errespetuz, behar-beharrezkoa ez den kanpoko edozein esku-hartze saihestu daiteke. Zeregin komun horretan, beren haurrarekiko konplizitatea bilatzen dute, amari zein haurrari sor dakiekeen edozein kalte saihesteko. Horrela, arazoren bat izanez gero, erreakzionatu dezakete eta bizitasuna eta egonkortasuna berreskuratu, ahalik eta azkarren. Lehenik eta behin, prebentzio proaktiboa eta, ondoren, edozein arazoren aurrean, prebentzio erreaktiboa.
Gaur egun, haurren osasunean lan egiten duen profesional orok badaki immunitatea zerk mantentzen eta handitzen duen. Neurozientzietan pilatutako ezagutzak lehen loturaren eta tratu onaren garrantzia bermatzen du. Horri esker, bizi-kalitate ona garatu daiteke, eta gurasoen eta haurtxoaren arteko elkarrekikotasun enpatiko ona mantendu: arruazala larruazalarekin arteko kontaktu onak, amagandiko edoskitzeak, -presentzia presente izateak, nahiz eta biberoia eman- segurtasuna eta konfiantza sortzen dute. Hori guztia ospitalean zein etxean estresa saihestuz.
Hazi Hezin hazkuntza-taldeekin egiten dugun lanari “laguntzeko artea” izena jarri genion. Izan ere, horixe lortu nahi dugu: haurtxoei hazten laguntzea, ez ordea beren gurasoekiko antza edo esanekoak izatea lortu nahian. Aldiz, gure helburua da beren baliabideen jabe izan daitezela, beren buruaren jabe, esplorazioaren eta autoezagutzaren bidez, beren gurasoekiko eta esku hartzen duten profesionaleekiko konfiantza-oinarri on batetik. Era berean, ikusten dugu titia uzten dutela autorregulatzeko gaitasun propioak garatu dituztenean.
Medikuntza ofizialak eta hezkuntza-arduradunek aspalditik dakite zer abantaila dituen haur batek haurdunalditik bertatik immunitatea garatzean zaintzen bazaio. Hala ere, profesionalek zein gurasoek erabiltzen dituzten arreta-protokoloak iraganekoak dira. Horrela, konturatu gabe denok harrapatuta geratzen gara eta inertziari jarraitzen diogu.
Osasuna mantentzeko immunitatea hain garrantzitsua den garai hauetan, ez al zaizue iruditzen gure bizi-ziklo ahulenaren tarteari arreta handiagoa jartzeko garaia dela? Bizialdi horretan, sustrai sendoagoak ezartzen lagun diezaiekegu, helduaroan bizi-kalitate hobea lor dezaten, horrela, gure belaunaldikoa eta aurrekoetakoa baino immunologia-sistema osasungarriagoa mantenduz.
Saiatzea merezi duela uste duzue, ala ez?
J. Ramon Mauduit Agirrezabala,
Psikologoa, Reich eskolako psikoterapeuta
Lehen Mailako eta
Komunitate Prebentzioan Aditua