CRISTINA AZNARi eskainia

“Gizarte honetan oso pertsona gutxik sinesten dute hasierako urteetan

egon behar diren hurbiltasuna, kontaktua eta presentzia bezalako beharretan”.

Cristina Aznar

 

Cristina-Aznar-Plana

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eredu pedagogiko hau Cristina Aznarri eskaini nahi diot; izan ere, berak azpimarratu zuen zein garrantzitsua den gurasoek beren haurtxoekin duten harremana, hor agertzen baita gizaki bakoitzaren bizitzaren eta gizateria osoaren unerik garrantzitsuenetako bat. Enfasi horretarako, harreman osasungarri orok berekin dakartzan hainbat kontzeptu sortu zituen Cristinak; horien artean, “presente dagoen presentzia” esamolde giltzarri bat nabarmentzen zen. Presentzia presenterekin egotea arriskuan ikusten zuen bakoitzean errepikatzen zuen. Batez ere, erditu ondoren eta lehen asteetan gertatzen zela ikusten genuen, hainbeste egoera berri, ustekabeko, asaldura, prezipitazioa, narritadura sortuz, estres-deskarga mingarri eta batzuetan jasangaitzekin. Une horretan gertatzen dira ihesak, konturatu gabe, gure haurrari esaten diogunean: “Niregana egokitu, ni ezin bainaiz zuregana egokitu”. Elkarrekiko erritmoak erregistratzen eta arautzen dituen topaketa da. Bizitza osoa bizitzeko duen norbait daukagu aurrean, eta, nahi ala ez, gure eragina betiko geratuko da. Cristinak garrantzi handia ematen zion elkarrekiko harremanaren hasiera horri. Cristinarentzat oso garrantzitsua zen hasiera horiek zaintzea, semea-alabaren erritmoa errespetatu nahi zuen, eta ez zen gelditzen harik eta aurrean egoteko presentzia modu hartan aurrera egiten zutela ikusi arte. Eta zailtasun garrantzitsuren bat izanez gero, hara joaten zen behar beste aldiz, urruti egon arren.

 

Entzutea 

 

Cristinak askotan landutako kontzeptua. Esaten zuen ez ginela konturatzen zein modu sotilean alde egiten dugun umetxoa entzutetik. Entzutea ez da haurra guri egokitzea, baizik eta alderantziz, guk umetxoari, bere berezitasunak kontuan hartuz eta behatuz. Amaren eta umetxoaren arteko harremanean zailtasunak agertzen zirenean Cristinak bi biluziak ohean egotea gomendatzen zuen, “goxo goxo amatxokin”, egunero bost ordu inguru, beharrak eta gogobetetzeak doitu arte. Erditu ondoren ama askok zituzten arazoak ikusten genituen. Entzutea da umetxoak amaren ahotsari nola erantzuten dion ikustea, bularra ematen dionean begiratzen dion ala ez, haren xurgatzea nolakoa den ikustea, haren begirada ikustea; izan ere, oso garrantzitsua da amari alde bateko zein besteko begia bilatzea. Lehen egunetik bi begiak kontuan hartu beharraz hitz egiten ari gara hemen, eta haien konexioek burmuinean hartzen duten garrantziaz, horiek baitira antolatzaileak zentzumenen hierarkian.

 

Ama dena da haurrarentzat, eta eskuragarritasuna (esklusibotasunez tratatu beharreko kontzeptua) umetoki barnetik hasten da, baina erditzea eta lehen asteak nola bizi izan diren, hala zailtasunak, segurtasunik eta konfiantzarik ezak ekar ditzake. Ama askori gertatzen zaienaren adibide bat euren haurtxoen elikaduran ikus dezakegu, esaten dietenean haurtxoek ez dutela behar adinako pisua irabazten eta laguntza eman behar zaiela, nola bizi duten egora galdetu gabe. Ez diete beren buruarengan konfiantza izaten laguntzen. Ez. Biberoia, gizentzeko eta kezka kentzeko, eta pisua irabazteko, nola edo hala. Zenbat borroka gehiago pediatrek esaten zietenaren kontura. Zenbat amek uko egingo zioten titiaren esklusibotasuna berreskuratzeari. Ama lasaitu arte itxarotea erabaki ohi zuen Cristinak, bere buruarengan konfiantza izan zezan. Azkenean, ama ez zegoen hain beldurti, eta, biberoia behar izan gabe, titiari eustea lortzen zuenean, amaren poza izugarria zen. “Erraza da-zioen Cristinak- oraindik ere amari autoestimua kentzea, azken batean, bere buruarekiko konfiantza kentzea. Haur bati amarenganako eskuragarritasuna kentzen diozunean, deprimituta, larrituta, nekatuta dagoelako eta laguntzarik ematen ez zaiolako, profesionalek eta gurasoek badakite zer gertatzen ari den haur horren garunean? “

 

Entzutearen arazoak ez dira bizitzaren hasieran bakarrik gertatzen. Adibide gisa: “Eskaera handikotzat” hartzen diren haurrak, 18 hilabete, 2 urte eta 3 urte dituztenak. Cristinak esaten zuen: “Baina, zergatik ez dute ikusten haurrak direla bere gurasoak gelditzea behar dutenak? Horrek suposatzen du ez ulertzea, haurren lekuan ez jartzea justu garapen-prozesuetan eta aldaketa fisiko zein emozionaletan daudenean”.

 

Haurrak bularra emateko eskaria handitzen ari diren unean, guraso askok aurre egin behar diote amek lo gutxiago egiteari, lanera joan behar izanari, gelditu eta artatu ezinik, edota ez die inork esaten gelditu behar dutenik. Eta orduan gertatzen dena da beren haurtxoei eskatzen dietela beren erritmora egokitzeko, eta ez alderantziz.

 

Guk arazo hori zuten gurasoekin topo egiten genuenean, Cristinak bi egun gelditzeko gomendatzen zien, haurrekin egotea besterik ez. Hurrengo hilean taldera itzultzen zirenean, zer moduz galdetzen genien eta erantzuten zizuten, “A, ahaztuta dago!”. Gurasoak ez ziren konturatu eskariari ez erantzutearen ondorioek ernegazioa eta prezipitazioa eragiten zietela seme-alabei. Baina Cristina bai. Ume bat geldirik ez dagoenean, besteak haserretu, enbarazu eta hozka egiten dienean, Cristinak zioen, “hemen zerbait gertatzen ari da”. Bikotearengana hurbildu eta hitz egiten zien. Normalean neka-neka eginda egoten ziren, edo nahigabea izaten zuten lanean bat-bateko aldaketengatik, bikote-gatazkengatik, etab.

 

Haurra denean egokitu behar denean gurasoengana, agerikoa da asaldura bat gertatzen dela berarengan, eta bizkortu egiten da, bere erritmoari eta arretaren islari eraginez; beraz, zailtasunak ditu besteei entzuteko eta bere buruari entzuteko. Haurraren gorputza amildu egiten da, bere amaren beharra asebeteta ez dagoenez, ez daki gelditzen atseden hartzeko, bere egoera berreskuratzeko eta jarraitzeko. Horrela, gizaki horrek munduarekin duen komunikazioa desitxuratzen ari gara. Munduak ez du ulertzen.

 

Haurraren erritmoa

 

masaje-ukitu

 

Jaiotza guztiak ez dira berdinak. Haur batzuengan ikusten dugu arnasketa-erritmoa ez dela finkatzen eta, beraz, gorputzaren jarduera- eta atseden-erritmoa ez daudela instalatuak. Kasu horietan, Cristinak masajeekin berreskuratzen laguntzen zuen, bizitako estresa askatzeko eta gorputzaren zabalkuntza errazteko, haurrak luzatu nahi duela aprobetxatuz. Horixe irakasten diegu gurasoei: haurraren gorputz-zabalkuntza osoa bila dezatela, barne-espazioa berreskuratuz eta zentzumenak esnatuz, amarekin, aitarekin eta ingurunearekin kontaktuan. Bere esku uzteak berekin zekartzan funtzio genetikoak ez berreskuratzea ekar dezake, eta bere zentzumenen eta bizi-funtzioen parte-hartze aktiboa murriztuta geratzea eguneroko egoeran eta jardunean. Horregatik, Cristina zorrotza zen: orain, jaioberriak direla, heldu behar diogu egitekoari, amaren entzute hori eta haurraren erritmoa erregulatzea jokoan baitaude. Izan ere, umetxoaren bizi-erritmoaren konplikazioei gurasoekiko harremanen entzuteko zailtasunak eragindakoak gehitzen badizkiegu, umetxoaren garunean genetikoki ezarritako konexio neuronalak murriztu egiten dira.

 

Elkarrekikotasun enpatikoa

 

Gaur egun, “enpatia” hitza asko erabiltzen da. Are  bankuek ideia positibotzat erabiltzen dute, behar duzun zerbait ontzat, merkataritza helburu argiarekin. Esaten zaigu mundua hobea izango litzatekeela enpatia-dosi handiagoarekin, besteekiko ulermenarekin eta eskuzabaltasunez. Esaten da, halaber, pertsonok besteen emozioak ezagutzeko eta ulertzeko dugun gaitasuna dela enpatia; bestearen esperientzia hautemateko eta partekatzeko ahalmena. Zak Ebrahimen hitzetan, “enpatia gorrotoa baino indartsuagoa da, eta gure bizitzak erabili behar ditugu hura zabaltzeko”.

 

Cristina ados zegoen azpimarra hau gehituz: “Enpatia ez dago edukiontzi batzuetan, landu behar da lurra ondo prestatzen”. Cristinak bere buruari galdetzen zion: “Zergatik hazten da gorrotoa enpatia hazi beharko litzatekeen lekuan? Zergatik ez dugu zaintzen haren garapena denboran eta behar den moduan?”.

 

Elkarrekikotasun enpatikoaren oinarriak lehen erreakzioetan garatzen dira, lehen kontaktuetan. Enpatiak, jatorrian, ama bati buruz hitz egiten digu, eta haren senak umetxoaren sentimenduarekin kontaktuan egotera bultzatzen du. Horregatik da garrantzitsua entzutea, presentzia presentea. Haur bakoitzak elkarrekikotasunez behar ditu ama eta aita, kontaktuaren eta maitasunaren bidez, haurrarengan munduarekiko interesa eta motibazioa pizten dutenak. Horrela, batetik, bere zentzumenak zabaltzen ditu, eta bere buruak doitu behar duen barne-mundua ezagutzen; eta, bestetik, bere bizitza egokitu eta garatu behar duen kanpo-mundua ezagutzen du. Bere erritmoan hazten eta heltzen jarraitzeko beharrezko arreta ematen diotenengan konfiantza izaten ikasten du. Horrela, norbere buruarekiko eta besteekiko konfiantza luzatzen joango da bere ingurune hurbilean lehenik, eta gero urrunenean, hau da, gizartean.

 

Elkarrekikotasun hori umetoki barruan hasi da, eta erreakzioak, sentsazioak, inpresioak, elkarrizketak eta abar trukatu ditu. Hori dela eta, elkarrenganako elkarrekikotasunak asko errazten du erditu ondoko elkartzea, presentzia presenterekin, haur bakoitzaren erritmo bereziari erreparatuz.  Elkarrekikotasun enpatikoak elkarrekiko kontaktuan egotea dakar, haurraren erreakzioak, bizitasunaren adierazpena eta elkarrekiko mendekotasunean zentzumenen iratzartzea behatuz; hazkuntzari eta heldutasunari dagokienez bere garapenean lagunduz.

 

Funtzio enpatikoa, beste giza ezaugarri batzuk bezala, haurtzaroan ikasten da. Horrela iritsi ginen beste kontzeptu garrantzitsu batera, gure taldeetara etorri zen haurdun bati lehen aldiz entzun genionera, hau esan zigunean: “Esaten ari zaretena zera da, egon behar dugula… izaten uzteko”. 

 

Egotea izaten uzteko 

 

Cristina

Cristina eta biok elkarri begiratu eta elkarri esan genion, “arrazoi du eta”. Harrezkero, askotan entzun nion Kristinari hura esaten haurdunaldi eta hazkuntza taldeetan. Adierazpen horrek hazkuntzaren egunsenti berria dakarkigu, bide berri bat, urrats kualitatibo bat, mundura datozen haurtxo bakoitzak dakarren potentzial izugarria aitortzen duena.

 

Hazkuntza horretan, gurasoek, beren aurrean dagoen presentziarekin, aukera ematen diote haurrari bere izate propioa bere sentimendutik, bere jariotik garatzeko. Horrela aldaketa kualitatibo bat gertatzen da, eredu pedagogiko iraultzaile bat. Haurrek estatus guztiz berria lortzen dute. Izaten utzi behar zaie, baina nola lortzen da hori, guraso berrien gurasoek ez ba dira horretan bidelagun izan eta ez badute aurrean egoten ikasi beren seme-alabei laguntzeko?

 

Aurreko belaunaldietako gurasoek pairatu zituzten prekarietate ekonomiko, emozional eta mentaleko egoerek, bizi izan zituzten errepresioek, eragotzi egin zieten guk orain ditugun aukerak izateko. Horregatik egin behar dugu lan hori guk geuk posible egiteko.

 

Cristina kezkatuta zegoen haurdun-taldeetako egungo ama askok bere historia pertsonalari buruz oso gutxi zekitela ikusteaz, beraien erditzea nolakoa izan zen jakin gabe, amak bularra eman ote zionik eta zenbat denboraz. Hazkuntza nola egin nahi duten planteatzean, badira haurtzaroan bizitako zenbait gauza ez errepikatzea pentsatu dutenak, baina gehienek ez dute pentsatu ere egiten, “Honaino iritsi bagara, guk ere jakingo dugu!”.

 

Sentimendu hori oso zabalduta dago biztanlerian, eta ez dakite gelditzen gero zer gertatzen den ikusteko. Eta zer gertatzen da gero? Izan ere, geroko errealitateak oso bestelako zerbait erakusten digu: ustekabeko egoerak aurkitzen dituztela hirurentzat oso kalteberak diren uneetan, eta egoera horiei aurre egiteko prestatuta egon behar dutela, hau da, informatuta, sentsibilizatuta eta aurrea hartzeko irizpideekin, gertatzen diren tragediak saihesteko. Lagundu egin behar zaie gaur gertatzen ari dena ikus dezaten eta erreproduzitzen jarrai ez dezaten.

 

Esaten genuen ez dakitela bere jaiotzari buruzko xehetasunik. Ama askok ez zieten bularra eman, beren medikuak, pisu nahikoa irabazten ez zutela ikusita, formula-esnea gomendatzen zielako; ez zen pazientziarik izaten eta ez zuten une zail horiek zaintzen. Eta, gainera, esaten zieten beren esneak ez zuela haurrarentzat balio, ura bezalakoa zela eta horregatik ez zuela pisurik irabazten; bularra kentzen zieten eta biberoira pasatzea gomendatzen zieten.

 

Guraso izate hori da Hazi Hezin urte askoan landu duguna. Bikoteak gelditu daitezen eta une horretan bizitzen ari direna eta datorkiena senti dezaten laguntzen diegu. Eta Kristina eta biok oso harro gaude horregatik. Sentitzen dutenetik ikusten dute zein heldutasun-unetan dagoen haurra, nola sentitzen duten. Beren kezkez eta beldurrez hitz egiten dute. Horrela, erditzean biak daude elkarrengandik behar dutenaren jakinaren gainean, biak jabetzen dira bakoitzaren zailtasunez eta elkarri laguntzen diote “ezin dut” unea iristen denean.

 

Haurra jaiotzen denean, ahal den modurik onenean, baliabide guztiak jartzen dira martxan amaren eta haurraren arteko harremana doitzeko. Horri deitzen diogu lurra prestatzea. Zuhaitz bat landatu nahi dugun bezala, fruitu onak eman ditzan, egunero, erditu aurretik, prozesu hori adierazpen, inpresio eta desio onez ureztatu behar da, eta horrela giro emozional ona sortu. Datorrena hobeto ezagutzea, nahasteak argitzea eta norberak bere buruari, bikotekideari eta biei haurrari laguntzeko zer behar duten jakiteko prest egotea. Helduek non dauden jakin behar dute gizakia garapen bidean uzten jakiteko. Hortxe instalatzen dira, hain zuzen ere, autoezagutzaren ibilgailuak, amaren eta haren bidelagunaren presentzia presente direla, garapen betean dauden zentzumenak, lehen urteetako une kritikoak pizten direnean. Ikaskuntzaren unerik onena da, konexio neuronalen une kritikoa, egun batean gizaki heldu bat izan daitekeenaren oinarriak finkatzen direnean, bere buruarekin ondo egoten eta bestearen lekuan jartzen eta errespetatzen jakiteko gai dena, interdependentzia modu sortzailean landuz.

 

Orientazio hori indartu egiten zaigu Xabier Serranok garatutako Giza Sistemen Ekologiarekin. Etxean ezin da giro emozional onik egon bakoitzari bere beharren arabera erantzuten ez bazaio. Bikotea haurra etorri aurretik prestatu behar da, bakoitzak behar duen laguntza mota adierazten dio besteari, gaitzespenen bidez eskatu beharrean: bakoitzak behar duenaren umiltasunetik eskatu, denok ditugulako gure gabeziak, baina baita gure indarguneak ere. Baina bikotean horretara iristeko, gehienek aurretik lan bat egin behar izaten dute.

 

Ez dugu nahi umea ondo egotea bakarrik. Familia-sistemako pertsona guztiak ondo egotea bilatzen dugu. Eta hori ere iraultzailea izan da guretzat, bakoitza bere buruarekin eta besteekin, bakoitza bere lekutik, ongi egoteaz arduratzea. Hortik pizten da gogoa onartua zarelako. Prestakuntza mota horren abantaila da ez dela erditzearen ondorengo lekuaz hitz egiten, baizik eta oraindik zer gertatuko den ez dakizunean. Behar duzuna egiteko prest zaude, guztia ahalik eta hobekien atera dadin; izan ere, informatuta eta sentsibilizatuta zaude bikotearen zailtasunei buruz eta haurraren garapenaren aldi kritikoei buruz. Oso emozio handiko egoerak dira bikote askorengan; elkarren laguntza horretatik abiatzen ez badira, hautsi egiten direla sentitzen dute. Horixe gertatzen ari da bikote gazte askorekin duela urte asko mundu osoan.

 

Kristina asko kezkatzen zuen beste alderdi bat, eta mantentzeko ahalegin handia egin zuen, bikote gazteekin lan egin ahal izateko espazioak ziren. Ikusten genuen gero eta bikote gutxiago joaten zirela erditzea prestatzeko taldeetara, eta behin baino gehiagotan egon ginen ixteko zorian. Aldi berean, hazi egiten ziren erditu ondorengo hazkuntza-taldeak, orduan hasten baitira baloratzen osasun-irizpideekin eta heldutasun-prozesuekin lagunduak izatea. Gero konturatzen dira, baina nola egiten dugu lehenago konturatzeko? Gero eta gutxiago funtzionatzen zuen ahoz ahokoak, eta Cristinak webgunea argitaratzeko ahalegina egin zuen arren, ez genuen emaitzarik lortu.

 

Bikote gazteek, guraso izatea erabakitzen dutenean, antolatzeko eta prestatzeko aukera ematen duten espazio horiek dira gaur egun huts egiten dutenak. Premiazkoa da horiek eskaintzea, baldin eta benetan nahi badugu ondoez gutxiagoko, osasuntsuago eta datozen belaunaldiekiko arduratsuago den gizarte bat. Gaur egun ikusten dugu gorrotoa kalte handia egiten ari dela, eta hori desagerrarazteko zati handi bat seme-alabatxoak izan nahi dituzten guraso horiengan dago. Esku artean daukatenari buruz informatuak eta sentsibilizatuak egon behar dute. Gaur tresnak ditugu saiatzeko. Cristina oso pozik egongo litzateke bere bizitza osoan inurri gisa egindako lanari etekina ateratzeaz.

 

J. Ramon Mauduit

Psikologoa eta psikoterapeuta «Giza-sistemen Ekologian» aditua

Escuela Española de Terapia Reichiana